Arabako Foru Aldundiak Iruña Okako indusketez arduratzen zen Lurmen enpresari lana egiteko baimena kendu dio, Eliseo Gil eta bere taldea publikoki gezurtitzat hartu ditu eta mediatikoki sekula konpondu ezingo den irudia sortarazi du. Eta hori guztia egiteko, gaur egun, ez dakigu funtsezko arrazoirik egon den ala ez, zalantza izugarriak daudelako:
a) Datazioak ez dira berriz egin
Orain arte, laboratorio hauek egindako datazioen arabera ostrakak orain 1700 urte inguru egindakoak dira: Geochron (Cambridge-Massachussets), Gröningen Unibertsitatea (Holanda), CEA-CNRS (Frantzia) eta Adirondack (Euskal Herria). Laboratorio horiek lana gaizki egin badute, ez daude bakarrik zalantzan Iruña Okako ostrakak, laboratorio horiek azken urteotan egin dituzten beste datazio guztiak ere gaizki egongo lirateke. Zer iritzi dute laboratorio horiek kontu hauei buruz? Eskatu al zaie aurretik egindako datazioen txostenak berrestea? Batzordean euren iritzia ematea eskatu al zaie?
b) Indusketak ez dira bisitatu
Aldundiko Batzordeko kideak ez dira Iruña Okara joan gauzak ondo aztertzera: ostrakak zein leku zehatzetan aurkitu diren, kokapenak, estratoak...Normala al da egindako indusketak ikustera ez joatea, lan hori sakonki aztertu nahi baldin bada?
c) Harremanik ez da egon batzordekide eta arkeologoen artean
Batzordeko kideak ez dira 10 arkeologoekin egon, gauzak ondo aztertzeko: egindako lan arkeologikoa, jarraitutako prozedurak, etab. Txostena irakurrita eman dute euren irizpidea. Ez al zen ezinbestekoa langile horiei guztiei galdetzea haien lanari buruzko emaitza bat eman baino lehen?
d) Alegazioak egiteko epea epaiaren ostean jarri dute
Prozesu serio batean, indusketak bisitatzeaz gain, arkeologoak elkarrizketatzeaz gain eta datazioak berriro egiteaz edo berresteaz gain, azken txostenak denon esku jarriko ziren berriro, azken erabakia hartu baino lehen, Eliseo Gilek erantzuteko aukera izateko. Kasu honetan ez da horrela egin eta epaia eman ondoren (kaleratzea eta langabeziara) alegazioak emateko epea jarri dute. Eliseok aurkeztuko dituen alegazioek, lintxamendu mediatiko honen ostean, zerbaiterako balioko al dute orain?
e) Filtrazio asko egon da eta isilpekotasuna hautsi dute
Jendeari informazio guztia bi urtez ukatu zaion bitartean, azken aste hauetan lau filtrazio baino gehiago egon dira gai honen inguruan, iritzi publikoa "moldatzen" laguntzeko. Horrez gain, batzordekide batek bere hitza ez du bete, isilpekotasuna hautsiz. Honelako portaerak onargarria al da honelako prozesu batean?
f) Txostenei buruz esandako eta argitaratutakoa
Gaurko egunez txosten batzuk interneten eskegitzen hasi dira. Horietako bat kimikaria den batzordekidearena da. Aldundiko agerpen publikoan ostraketan kola aztarnak agertzea faltsuak direla esateko erabili zuen. Txosten hori irakurri berri dugu eta ez dago kolari buruzko aipamenik. Txostenak aldatu al dira agerpen publikotik orain argitaratzen hasi diren arte?
g) Faltsifikazioak egiazkotzat hartzeko egiten dira normalean
Arkeologian, artean edo bestelako jardueretan, faltsifikazioak egiazkotzat har daitezen egiten dira. Beraz, zentzurik ba al dauka iruzur egile batentzat hainbeste hitz, horietako asko gazteleraz eta banaka batzuk italieraz eta irlanderaz idazteak ostraketan?
Zalantza guzti horien aurrean, honako eskaera hau egiten diogu Arabako Foru Aldundiari:
- Idazkunen datazioak berriro egitea beste laboratorio batzuetan. Horrez gain, aurreko datazioak egin dituzten laboratorioei egindako lana berrestea ala ez eskatzea eta egindako datazioei buruzko datuak osatzea.
- Lurmen enpresarekin duen hitzarmena jarraitzea. Ostrakak gezurrezkoak izateko aukera handiak badaudela onartuta ere, egiazkoak ere izateko arrazoiak ez dira falta: laboratorioen datazioak, topatu diren lekua (estratoak), gazteleraren sorrerari buruzko bestelako teoriak, etab. Beraz, Aldundiak beste zuzendaritza bat sar dezake Iruña Okan baina Lurmenekin batera lan egiteko.
- Informazio eta eztabaida epe luze bat irekitzea. Bi urteko epean eta material guztia interneten bidez denon esku jarri ondoren, aurkitutako hitz eta ostrakak egiazkoak ala ez izan daitezen nazioarte mailako eztabaida publiko eta irekia sustatzea. Lehendabizi, maila arkeologikoan atera beharko lirateke ondorioak eta, bigarren maila batean, gai honi dagozkion gainerako jakintza arloak.
Euskal Herrian, 2008ko abenduaren 6an
Adierazpen honekin bat egiten baduzu, eman zure izena.
